viernes, 21 de noviembre de 2008

BLOG-EN ERABILERA ARTE HEZKUNTZAN

Bideo hau aurkitu dut, bertan blog-ek arte hezkuntzaren didaktikan nola lagun dezaketen laburbiltzen da:



Ondorengo honetan aldiz "Zer da Artea?" galderari erantzuteko modu originala aurkitu dute. Amaierako erantzuna asko gustatu zait:

miércoles, 19 de noviembre de 2008

AUTOADIERAZPEN EREDUA: Lowenfeld-en ekarpenak


Viktor Lowenfeld(1903-1960) Austrian, Linz-en jaio zen eta Arte eta Psikologia ikasketak burutu zituen. Irakaslea izan zen Pensilvaniako Unibertsitate Estatalean. Hainbat liburu idatzi zituen, baina hemen 1947an idatzi zuen Creative and Mental Growth (Ahalmen intelektualaren eta sormenaren garapena) aipatuko dut, bertan lantzen duen gaiak eragin ikaragarria izan baitzuen garaiko arte hezkuntzan.
Besteak beste ondoko hauek lantzen ditu liburu honetan:


-Haurraren garapena, osasun mentala eta sormenaren arteko harremanaren garrantzia.
-Edozein haurrek sormena garatzeko kapazitatea dauka, eta irakaslearen funtzioa, hori garatzeko baldintza egokiak eskaintzea eta eta ahalmenok garatzen laguntzea da.
-Haurra presionatzuz gero, haurrari kopiatzen edo kalkatzen utziz gero,etab, haurraren sormen ahalmena murrizten arituko gara.
-Haurraren sormena garatzeko, bere sentimenduak erabili behar ditu eta bizitzarekin harremanetan egon behar du.
-Bere sentimen guztiak erabili behar ditu, esperientzia zuzenak izanez. Bere marrazkiek esperientzien islada izan behar dute.

-Marrazkigintzaren garapenaren prozesua aztertu eta ondoko etapetan sailkatu zuen:

1.ZIRRIBORROA
a)Ordenatu gabeko zirriborroa
b)Zirriborro kontrolatua
c)Izena duen zirriborroa
2.AURRESKEMATIKOA
3.ESKEMATIKOA
4.ERREALISMOAREN FASEA
5.TALDEAREN FASEA

Lowenfeldek dio, estadio edo etapa hauek gizakiaren garapenean naturalak direla (gogoratu Piageten estadioena), eta ondorioz, etapa edo estadio altuago batera pasatzeko haurrak aurreko estadiotik pasatu behar duela.
Artea gizakiaren sentsibilitatea garatzeko, kooperazioa lantzeko, egoismoa gainditzeko, sormena garatzeko, azken finean, hezteko oso tresna egokia zela zioen.
Lowenfelden lan honen ondorioz, haurraren errealitate psikologiko eta soziala interpretatzen hasi ziren eta haurren garapen intelektuala bultzatzeko irakasleak bere egoera eta ingurua kontutan izan behar dituela konturatu.

viernes, 14 de noviembre de 2008

AUTOADIERAZPENAREN EREDUA

Autoadierazpenaren ereduaren, edo beste era batera esanda, autoadierazpen sortzailearen pedagogiaren- ikasleei askatasunez eta inongo pautarik eman gabe beraien ideia eta sentimenduak libreki adieraz ditzatela dela arte hezkuntzaren bidea dioen ereduaren-bidea estatuan,40.hamarkadan hasi eta 92.urtean LOGSE sartu zen arte luzatzen da.Ez zen hala gertatu, esate baterako, Europako beste hainbat herrialdetan edo Estatu Batuetan , hauetan ,60.hamarkadaren inguruan Artea hizkuntza bezela ikusten duen eredua indartzen eta eskolan sartzen hasi baitzen.
Baina gure gaurko gaia zentratzeko, lehen pausu bezela Autoadierazpen Ereduaren oinarriak zeintzuk izan ziren aipatuko dut labur-labur:


1.Erromantizismoa.
2.Rousseauren Teoria.
3.Testuinguru soziala (estatuaren kontrolaren aurka artistak)
4.Testuinguru pedagogikoa (eskola berria)
5.Testuinguru filosofikoa (arrazionalismoaren kontra)

Garai hartako egoera sozialaz gain beraz, Rousseauren Teoriek eta hauetan oinarritutako (bertan gauzatu baitziren) Eskola Berriak eragin handia izan zuten eredu honen sorrera eta aplikazioan.
Rousseauk "Emile o De la educacion" deitutako bere liburuan hezkuntzaren printzipio pedagogikoak aurkezten ditu eta besteak beste ondoko hau dio: "Haurrak ba omen du jaiotzetik sormen eta originaltaasun kutsatu gabea eta kultura dela(beste gizakiekin harremanetan jartzen denean, alegia) gizakiak berezko duen ondasun hori galtzearen erruduna".

lunes, 10 de noviembre de 2008

ILUSTRAZIOA: ARRAZOIA vs. EMOZIOA

Gorago aipatu dudan bezela, Ilustrazioan eman zen eztabaidak zatiketa bat ekarri zuen arrazoiaren eta emozioaren artean. Zatiketa honek, Artean ere eragina izan zuen, eta nola ez, guri dagokigunez,Arte Hezkuntzan ere bai.
Alde batetik, Artea eta arrazoia lotzen zutenak Akademizismoaren barruan mugitzen ziren, hau da, arautegi bat jarraitzen zute. Artista aditua arautegi estetikoaren ezagupenak zituena zen, irizpide batzuk zeuden eta jarraitu beharrekoak ziren. Esate baterako, edertasunaren kontzeptu bat zegoen, beste era batera esanda, edertasuna ezaugarri konkretu batzuek ematen zuten eta modeloak kopiatzen zituzten. Hezkuntzari dagokionean, Arte Ederretako Eskoletan prozedurak eta arautegi estetikoak modu guztiz disziplinatuan erakusten ziren.


Bestalde, Artea eta emozioa edo sentimendua lotzen zutenak Erromantizismoan murgilduta zeuden. Artista, bere kabuz eta arauen kontra egindako artista zen. Mundu ezkutuen exploratzailea, bai norberaren barne munduarena, bai mundu exotikoena. Artea batik bat, barne emozioen islada bilakatu zen. Hezkuntza munduan, mugimendu honen islada, autoadierazpen sortzailearen pedagogia deritzon ereduan ikusten da.

sábado, 8 de noviembre de 2008

Arte Hezkuntzak eskolan izan duen bilakaera

Gaur egun eskoletan irakasten eta ikasten den Arte Hezkuntzak badu jatorria, eta honi buruz hausnarketa txiki bat egitea komenigarria da.

Ilustrazio garaia iritsi arte (XIX. menderarte), Artea natura imitatzean zetzan, egia beraiek ikusten zuten bezalakoa isladatzean. Irakaskuntzari dagokionean, artisautzaren tradizioa jarraitzen zen, hots, teknizismoa, eta Arte eta Lanbide eskoletan zentratzen zen.

Ilustrazioaren garaian (oharra:klik egitean 1989 -2 aukeratu 1.artikulua), gaur egun arte iraungo duen eztabaida bat pizten da; Arrazoaia eta Emozioaren arteko eztabaida. Eskolan ere islatuko da bukatugabeko eztabaida hau eta irakasgaien banaketa bat emango da goian aipatutako bi irizpide hauei jarraiki. Honela, zientzia eta teknologian zentratzen diren irakasgaiak Arrazoiarekin lotuko dira (arte arautegiaren ikuspegia), Artea emozioaren eta sentimenduaren munduarekin lotuko den moduan (izpiritua).

sábado, 1 de noviembre de 2008

SARRERA

Bilboko Magisteritza eskolako ikaslea naiz, Lehen Hezkuntzako(LH) espezialitatean ari naiz eta txoko honetan ikasleekin Arte Hezkuntza eskolan lantzeko ideia eta iradokizunak islatzea gustatuko litzaidake.

Arte Hezkuntzak historian zehar eskolan izan dituen etapa desberdinak labur-labur azaltzen saiatuko naiz. Gero, gaur egun, Arte hezkuntza deituriko irakasgaia eskolan aurrera eramateko proposamen desberdinak eta erabiltzen diren metodo eta teknikak ikusi eta ikastea gustatuko litzaidake.

Erabilgarri izango zaizuelakoan,

urtza